Sopela, Lekeitio eta Durango udalerrietako Osoko Bilkurek Udaleko Hezkuntza-Kontseilua arautuko duen erregelamendua onartu dute. Horrela, hiru udalerriek beste urrats erabakigarri bat eman dute hezkuntza komunitarioa sendotzeko eta haur eta nerabeen ongizatea udal-politiken erdigunean kokatzeko.
Udaleko Hezkuntza-Kontseiluak hezkuntza komunitateko eragile guztien arteko elkargune egonkorrak izango dira. Udalaren, ikastetxeen, familien eta herriko gizarte-, kultura-, kirol- eta aisialdi-eragileen arteko lankidetza egituratzeko sortu dira, udalerriko hezkuntza-erronkei modu koordinatuan erantzuteko eta hezkuntza-politikak ikuspegi komunitariotik garatzeko.
Hiru udalerriek bide desberdinak egin dituzte helburu berera iristeko. Sopelan eta Lekeition, azken urteotan garatutako prozesu parte-hartzaileen ondorioz onartu dira erregelamenduak, hezkuntza komunitateko eragile ugariren ekarpenekin. Durangon, berriz, erregelamendu berriak lehendik zegoen hezkuntza arloko lankidetza-ibilbide sendoari jarraipena ematen dio, Udaleko Hezkuntza-Kontseiluari egonkortasun instituzionala emanez. Ibilbide desberdinak izan arren, hiru udalerriek ideia bera partekatzen dute: haur eta nerabeen hezkuntza eta ongizatea komunitate osoaren erantzukizuna direla.
Erregelamendu horien onarpenak aukera emango du Udaleko Hezkuntza-Kontseiluek egonkortasunez jarduteko, hezkuntza komunitateko eragileen arteko koordinazioa indartzeko eta udalerrietako hezkuntza-politiketan parte-hartzea, elkarlana eta gobernantza partekatua sendotzeko.
Sopela, Lekeitio eta Durangok emandako urratsek agerian uzten dute Udaleko Hezkuntza-Kontseiluak gero eta presentzia handiagoa dutela udalerrietan, eta hezkuntza komunitarioa sendotzeko tresna estrategiko bihurtzen ari direla. Hiru esperientzia hauek erakusten dute udalerri bakoitzaren errealitatetik abiatuta posible dela gobernantza partekatuko ereduak eraikitzea, hezkuntza komunitate osoaren inplikazioarekin eta haur eta nerabeen ongizatea ardatz hartuta.

