UdalHez: Elkarrekin Hezi
Helburua
UdalHez proiektuaren helburua da haur eta nerabeen aldeko udal mailako hezkuntza komunitarioko politika integral, inklusibo eta parte-hartzaileak sustatzea, Udal Hezkuntza Kontseiluen bidez.
Proiektuak haur eta nerabeen ongizatea, inklusioa, euskara eta parte-hartze aktiboa jartzen ditu erdigunean, eta herriko ikastetxeak, familiak, hezkuntza zein gizarte-eragileak eta udal ordezkariak biltzen ditu hezkuntza proiektu komun baten inguruan, komunitatearen kohesioa sustatuz eta ikastetxeetatik haratago zerumuga duten hezkuntza ekosistemak sortuz.
Metodologia
UdalHez proiektuan ikerketa eta ekintza uztartzen dituen metodologia parte-hartzailea erabiltzen da, dimentsio juridiko, pedagogiko eta komunitarioetan arreta jarriz. Prozesuak hainbat ardatz izan ditu eta garatzen jarraitzen du:
1. Azterketa juridikoa
Udal hezkuntza-politikak garatzeko lege-esparrua eta udal eskumenak aztertzen dira, 2023ko Hezkuntza Lege eta 2024ko Haur eta Nerabeen Lege berrietan oinarrituta. Berme juridikoekin Udal Hezkuntza Kontseiluak sortu eta udal mailako hezkuntza politikak erdietsiko dira.
2. Nazioarteko eta tokiko esperientzien azterketa
Beste herrialde eta udalerrietako esperientzia berritzaileak aztertzen dira, helduleku eta inspirazio gisa. Horrek aukera eman du UdalHez proiektuaren metodologia aberasteko eta praktika egokiak tokiko testuinguruetara egokitzeko.
3. Diagnosi komunitarioa
Parte hartu duten udalerrietako hezkuntza baliabide eta programak aztertzen dira, metodologia kuantitatibo eta kualitatiboen bidez. Diagnosi deskriptiboak haur eta gazteen ongizatean, inklusioan eta parte-hartzean herrian dauden indarguneak eta erronkak identifikatzea ahalbidetu du. Txostena, talde eragileak burutzen duen prozesu parte-hartzailearen 2. saioan abiapuntua da.


4. Parte-hartze komunitarioa
Herri bakoitzean talde eragileak osatzen dira udal ordezkariekin, ikastetxeetako zuzendaritzako kideekin, familiekin eta herriko eragileekin. Talde horiek Hezkuntza Proiektu Komunitarioaren oinarriak lantzen eta adosten ari dira, EHUko ikerketa taldeak gidatuta.
5. Sistematizazioa eta transferigarritasuna
Lortutako esperientziak eta ikaskuntzak sistematizatu eta partekatu egiten dira argitalpen eta jardunaldi akademikoen bidez. Horretarako, gida metodologiko bat eta kongresu bat prestatzea aurreikusten da, Udal Hezkuntza Kontseilua sortzeko interesa duten udalerriek bidea nola egin argitzeko.
UdalHez, beraz, udalerri bakoitzaren errealitatetik eta esperientzia partekatuetatik abiatuta, hezkuntza-ekosistema inklusibo eta parte-hartzaileagoak eraikitzen laguntzen duen egitasmo zabala eta berritzailea da.
