Azaroaren 27an, UdalHez ikerketa-taldeko kideek Galdakaoko Haur Kontseiluaren bigarren saioan parte hartu zuten, Olabarrietako auzoan, helburu argi batekin: udalerriko haurren ahotsa zuzenean jasotzea eta orain arte talde motorrean helduek landutako gogoetekin kontrastatzea, Galdakaoko Hezkuntza Proiektu Komunitarioaren diseinuan txertatzeko.
UdalHez proiektuaren baitan, azken hilabeteetan udalerriko hezkuntza-eragileekin batera egindako lanketa nagusiki helduen ikuspegitik eraiki da. Horregatik, lan-taldetik ezinbestekotzat jo da haurren bizipenak, pertzepzioak eta lehentasunak entzutea, haien eguneroko esperientziatik abiatuta, hezkuntza-politikak eta ekimen komunitarioak errealitate horietara ere egokitu ahal izateko.
Haur Kontseiluan egindako saio honek aukera eman du eskubideekin, ongizatearekin eta udalerriko bizi-baldintzekin lotutako gaietan haurren iritziak jasotzeko, eta horiek guztiek ekarpen esanguratsua egiten diote Hezkuntza Proiektu Komunitarioaren diagnostikoari eta etorkizuneko proposamenei.
Horrez gain, UdalHez proiektuaren barruan, gazteen ahotsa jasotzeko lanketa osagarria ere abian da. Ikerketa-taldea Galdakaoko ikastetxeetara hurbildu da, DBHko ikasleekin harreman zuzena izateko, eta haien iritziak, beharrak eta kezkak biltzeko galdetegien bitartez. Horrela, prozesuak haurtzarotik nerabezarora arteko ikuspegia barne hartzen du, udalerri mailako hezkuntza-proiektu bateratu bat eraikitzeko.
Jasotako ekarpen guztiak talde motorrean kontrastatuko dira, eta Galdakaoko Hezkuntza Proiektu Komunitarioan txertatuko dira, haur eta gazteak subjektu aktibo gisa aitortuz.

