Albisteak

Durangok Udal Hezkuntza Kontseiluaren sorrerarako lehen urratsak eman ditu

Urriaren 30ean, UdalHez ikerketa-proiektuak saio parte-hartzaile bat antolatu zuen Durangon, herriko hezkuntza-komunitateko hainbat eragileren parte-hartzearekin. Saioaren helburu nagusiak bi izan ziren: alde batetik, azken urteetan Hezkuntza Foroan eta Eskola Kontseiluan egindako ibilbidea modu kolektiboan baloratzea; eta bestetik, Udal Hezkuntza Kontseilu berriaren diseinuari hasiera emateko oinarriak ezartzea.

Saioan, parte-hartzaileek iragana berrikusi, orainaren testuinguru juridikoa ezagutu eta etorkizuneko egitura irudikatzeko lehen pausoak eman zituzten. Azpimarratu zuten Hezkuntza Foroak eta Eskola Kontseiluak urteetan zehar izan duten bilakaera: hasierako ziurgabetasunez eta elkarren ezagutzarik ez izateaz hasi, gaur egun konfiantza, kohesio eta lan egiteko modu bateratuagoa lortu arte. Parte-hartzaileen ustez, hori izan da azken urteetako indargune nagusietako bat, herri hezitzailearen ikuspegitik hezkuntza lantzeko aukera ematen baitu.

Etorkizunari begira, saioan Udal Hezkuntza Kontseiluaren eginkizuna, antolaketa eta balioak zehazteko lan egin zen. Parte-hartzaileek aztertu zuten kontseiluak herriko hezkuntza-ekosistema osatzen duten eragile guztien beharrak eta ekarpenak modu integratuan jasotzeko nola egokitu beharko lukeen. Espazio parte-hartzaile, anitza eta eraginkorra izan behar du, hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta komunitarioaren arteko lotura sendotzeko. Horretarako, ordezkaritza zabala, helburu argiak, lan-talde malguak eta jarraipen eta ebaluazio mekanismoak ezartzea proposatu dute. Era berean, herritarrek kontseiluaren lanean parte hartzea eta horren emaitzak herrira modu ulergarrian komunikatzea ezinbestekotzat jo dute.

Laburbilduz, Durangoko Udal Hezkuntza Kontseilua elkarlana sustatuko duen espazio bezala irudikatzen da, erabaki kolektiboak ahalbidetuko dituena eta epe luzera herri mailako hezkuntza-politikak modu partekatuan eraikitzeko oinarri sendoak jarriko dituen espazio instituzional gisa.