Albisteak

Hezkuntza Kontseilua sortzeko ekimena Leioako udaleko talde teknikoari aurkezpena

UdalHez proiektuaren baitan, Leioako udaleko teknikariei zuzendutako aurkezpen-saio bat egin da, orain arte egindako lana partekatzeko eta hezkuntza komunitarioaren arloan datozen urratsak elkarrekin aztertzeko helburuarekin.

Saioan zehar, Hezkuntzari buruzko 17/2023 Lege berriak eskaintzen dituen aukerak azaldu ziren, bereziki udalerriek hezkuntza-gobernantzan duten rola indartzeko eta Hezkuntza Kontseilua sortzeko aukera ematen duelako. Kontseilua parte-hartzerako, aholkularitzarako eta proposamenerako espazio instituzional egonkorra da, eta hezkuntza eskola-eremutik harago ulertzea ahalbidetzen dute, ikuspegi komunitario batetik, udalerriko eragile desberdinak barne hartuz.

Halaber, udal-ordenantzaren zirriborro baten inguruan egindako aurretiazko lana aurkeztu zen. Dokumentu horrek etorkizuneko Hezkuntza Kontseiluaren izaera, funtzioak, osaera eta egitura zehazten ditu, lege-esparru berriarekin eta beste udalerri batzuetako esperientziekin bat eginez. Hala ere, orain arte egindakoa hasierako oinarri gisa ulertzen da, hau da, ekarpenetara irekia.

Ildo horretan, saioaren asmo nagusietako bat izan zen udaleko teknikarien ekarpenak jasotzea. Haien ezagutza funtsezkoa baita, bai tokiko errealitatea, bai udalaren barne-dinamikak eta beharrak ondo ezagutzen dituztelako. Ekarpen horiek ezinbestekoak izango dira udal ordenantza aberasteko zein etorkizuneko Hezkuntza Kontseilua tresna erabilgarri, eraginkor eta eutsigarria diseinatzeko.

UdalHez proiektutik positiboki baloratzen da lehen kontraste saio hau, tokiko hezkuntza-politika sendoak eraikitzeko ezinbestekoak baitira prozesu partekatuak, sailen arteko lankidetza eta hezkuntzaren ikuspegi komunitarioa. Datozen asteetan, jasotako ekarpenak txertatzen jarraituko da, araudiaren azken bertsioa lantzeko eta ondoren Hezkuntza Kontseilua eratzeko bidean aurrera egiteko.