Otsailaren 4an Laudioko Kultur Etxean UdalHez proiektuaren lehen lan-saioa egin zen. Saio horrekin, Laudiok lehen urratsa eman du herriko haurren eta nerabeen hezkuntzaren ardura modu partekatuan lantzen duen udalerri eredurantz.
Topaketan, hezkuntza-zentroetako ordezkariek, familiek, kirol eta kultura elkarteek, udal zerbitzuek, Udaleko zinegotziek eta komunitateko beste eragile batzuek parte hartu zuten. Lehen saio honek proiektua aurkezteko, parte-hartzaileen arteko lehen harremanak sendotzeko eta lanerako oinarri komunak ezartzeko balio izan zuen, Laudioko Hezkuntza Proiektu Komunitarioa elkarlanean garatzeko helburuarekin.
Era berean, saioak udalerriko hezkuntza eta gizarte errealitatearen inguruko diagnostiko partekatuari hasiera emateko aukera eman zuen, hausnarketa kolektiboa, ideien trukea eta taldearen inplikazioa sustatuz.
Hurrengo lan-saioa martxoaren 11n izango da. Bertan, hasierako diagnostikoan sakonduko da eta proiektuaren hurrengo faseak gidatuko dituzten lan-lehentasunak zehaztuko dira. Horrela, Laudioko hezkuntza komunitateak, elkarlanetik abiatuta eta herriko haurren eta nerabeen ongizatea eta garapena erdigunean jarrita, etorkizun inklusiboago eta komunitarioago baterantz urrats sendoa eman du.


