UdalHez lan-taldeak mintegi formatibo bat izan du, Alberto Jauregui, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslearen eskutik, haur eta nerabeen prebentzio komunitarioa ardatz hartuta.
Saioan zehar, Nafarroako testuingurua aurkeztu da, haurrak eta nerabeak artatu eta babesteko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen garapenaren baitan. Mintegiak aukera eman du Nafarroako udalerri eta lurralde ezberdinetan garatutako esperientzia pilotuak bertatik bertara ezagutzeko, bai eta prebentzio komunitarioko zerbitzuak abian jartzeko erabilitako prozesuak eta tresnak ere.
Espazio hau bereziki baliagarria izan da UdalHezeko lan-taldearentzat; izan ere, Nafarroako egungo egoera hobeto ulertzeko aukera eman du, benetako esperientzietatik abiatutako ikaskuntzak ekarri ditu, eta erreferentzia gisa balio izan du UdalHez proiektua beraren garapenerako. Saioak, halaber, hausnarketarako tartea eskaini du, haur eta nerabeen parte-hartzea sustatuko duten eredu komunitarioak bultzatzearen garrantziari buruz, baita prozesu horiek denboran zehar tokiko eta lankidetza-ikuspegitik eusteko beharrari buruz ere.
Alberto Jaureguik ibilbide luzea du esku-hartze sozio hezitzailearen eta haurren babesaren arloan. Pedagogian lizentziaduna da, gizarte-hezitzailea eta Gizarte Zientzietan doktorea, eta bere doktorego-tesia haurren babes-sistemako prebentzioan oinarritu zuen, ikuspegi sozio hezitzaile batetik eta haurren eskubideetan oinarrituta. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, eta Gizarte Langintzako Graduan irakaskuntza garatu du (2006–2026); horrez gain, “Haurren eta Nerabeen Prebentzioa, Sustapena eta Esku-hartzea” izeneko titulu propioaren zuzendari akademikoa da. Bere ibilbide profesionalean irakaskuntza eta esku-hartze komunitarioko esperientzia zabala uztartu ditu, bereziki Iruñeko udal eremuan, eta Nafarroan prebentzio komunitarioko zerbitzuen garapenera bideratutako proiektuetan ikertzaile nagusi gisa parte hartu du.
Gaur egun, 2025–2026 ikasturtean, irakasle bisitari gisa ari da Bilboko Hezkuntza Fakultatean (EHU), eta IkasGaraia ikerketa-taldearekin eta UdalHez proiektuarekin lankidetzan dihardu, hezkuntza komunitarioaren arloan.

