Maiatzaren 6 eta 7an Gasteizko Europa Jauregian egindako Familiei buruzko Nazioarteko I. Kongresuak, nazioarteko adituak, erakundeetako arduradunak eta gizarte, hezkuntza zein komunitate arloko profesionalak bildu ditu familien gaur egungo erronkei buruz hausnartzeko: kontziliazioa, zaintzak, ongizate emozionala eta erronka demografikoa, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren bidez antolatutako topaketak politika publikoak ongizate kolektiboan, erantzukidetasunean eta haur eta nerabeen eskubideetan oinarritzeko beharra jarri du erdigunean.
UdalHezetik kongresuan izan gara, bertan egindako hausnarketak lehen eskutik entzuteko, jorratutako gaiak zuzenean lotuta baitaude Euskal Herriko hainbat udalerrirekin batera garatzen ari garen lanarekin, Udal Kontseilu Hezitzaileen eta Proiektu Hezitzaile Komunitarioen inguruan. Haurren eta gazteen ongizatea, parte-hartze komunitarioa, kontziliazioa, inklusioa eta ingurune seguruak eraikitzea dira proiektuaren esparruan partekatzen diren erronka nagusietako batzuk.
Irekiera saioa Xabier Legarreta sailburuordearen eskutik aurkeztutako Familiei Laguntzeko 2025-2030erako Plan Instituzionalen Arteko V. Planak markatu zuen. Plan horrek familien errealitate berrietara egokitzeko beharra azpimarratu zuen. Bizitza-proiektu egonkorrak erraztea, haurren ongizate integrala bermatzea eta erakundeen, komunitatearen eta eragile sozialen arteko gobernantza partekatua indartzea ditu helburu, UdalHezek bultzatzen duen ikuspegi komunitario eta parte-hartzailearekin oso lotuta.
Hasierako hitzaldia Arnstein Aassve katedradunak eman zuen, egungo erronka demografikoak aztertuz eta gizarte erresilienteagoak eraikitzeko beharra defendatuz, gazteei beren bizitza-proiektuak garatzeko egonkortasuna eta aukerak eskaintzeko. Bestalde, Claudia Hupkau ekonomialariak zaintzen eta kontziliazioaren balio ekonomiko eta soziala azpimarratu zuen, berdintasun-aukerak, erantzukidetasuna eta familien ongizatea sustatuko dituzten politika publikoen garrantzia nabarmenduz.
Kongresuaren bigarren jardunaldia ongizate emozionalari, erresilientziari eta familia-gatazken kudeaketari eskaini zitzaion. Besteak beste, Nerea Melgosa sailburua, Laura Rojas-Marcos psikologoa, Cristina Gutiérrez Lestón, Leticia Garcés eta Javier Urra izan ziren parte-hartzaile, eta hezkuntza emozionalaz, osasun mentalaz, bizikidetzaz eta familia zein komunitate loturak indartzeko beharraz aritu ziren, testuinguru sozial gero eta konplexuago batean.
Kongresu honetan parte hartzeak aukera eman digu egungo gizarte eta hezkuntza erronka askori buruz hausnartzen jarraitzeko, eta baita UdalHezetik udalerriekin batera garatzen ari den lan komunitarioa indartzen duten ideia, esperientzia eta ikuspegiak jasotzeko ere.

