UdalHezetik bultzatzen ari garen pilotaje esperientzien artean, Lekeitioko Udalak datorren ikasturtetik aurrera Udaleko Hezkuntza-Kontseilua martxan jarriko du, herriko hezkuntza komunitatea indartzeko helburuarekin.
Kontseilu berria hezkuntza legean eta haur eta nerabeen ongizateari buruzko araudian oinarrituta eratuko da. Prozesuaren bidez, Lekeition hezkuntza ikuspegi zabalago bat lantzea bilatzen da, hezkuntza formala gaindituz eta aisialdia, herriko jarduerak zein komunitate harremanak ere hezkuntzaren parte direla aitortuz.
Azken urtean zehar, Lekeitiok UdalHezen baitan garatutako ikerketa eta lanketa prozesuan parte hartu du beste hainbat udalerrirekin batera, tartean Leioa, Sopela, Durango, Galdakao eta Laudiorekin. Prozesuan herriko eskola komunitateko eta gizarte eragileetako ordezkariek hartu dute parte: ikastetxeetako zuzendaritzek, guraso elkarteek, LEKeko kideek, Altzaburua taldeak eta herriko bestelako eragileek.
Egindako saio eta bileretan herriko hezkuntza egoeraren diagnostikoa landu da, eta prozesuak hainbat erronka eta behar identifikatzeko aukera eman du. Lan horren emaitza izango da komunitate mailako hezkuntza proiektu berria.
Diagnostikoan agerian geratu da adin tarte batzuetan hutsuneak daudela. Esaterako, haur-hezkuntzako umeek ez dute aisialdi edo hezkuntza eskaintza publikorik igeriketa ikastaroetatik harago, eta DBH adineko gazte askok ere ez dute kiroletik haragoko eskaintza egituraturik herrian.
Horren aurrean, Udaleko Hezkuntza-Kontseiluaren bidez hutsune horiek identifikatu eta adin tarte guztiak kontuan hartuko dituen eskaintza komunitario berri bat diseinatzeko bidea ireki nahi da. Aldi berean, aisialdiaren inguruko hausnarketa berria sustatuko da, hezkuntza komunitarioaren ikuspegitik.
Lekeitioko esperientziak erakusten du tokiko hezkuntza gobernantza indartzeko bidean udalerriak gero eta gehiago ari direla hezkuntza komunitate osoa saretzen eta elkarlanean oinarritutako dinamikak sustatzen. Udaleko Hezkuntza-Kontseiluaren sorrera urrats esanguratsua izango da norabide horretan, haur eta gazteen ongizatea, komunitate harremanak eta kohesio soziala indartzea helburu dituen herri hezitzailearen ereduan sakontzeko.

