Albisteak

Leioak aurrera egin du Udal Hezkuntza Kontseilua sortzeko bidean, saio parte-hartzaile baten bidez

Martxoaren 4an, Leioako Udaleko osoko bilkura aretoan, saio parte-hartzaile bat egin zen UdalHez proiektuaren baitan, Leioako Udal Hezkuntza Kontseilua sortzeko prozesuan aurrera egiteko helburuarekin. Saioari, Leioako alkatea, Iban Rodríguez-ek hasiera eman zion, parte hartzaileei harrera eman eta hezkuntza komunitate osoaren erantzukizun partekatu gisa sustatuko duen espazio instituzional bat sortzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Saioan parte hartu zuten erakundeetako ordezkariek, ikastetxeek, guraso elkarteek, kultura eta gizarte arloko elkarteek, aisialdiko erakundeek eta inklusio soziala eta kultura bezalako esparruetan lan egiten duten entitateek, udalerriko hezkuntza-komunitatea osatzen duten eragileen aniztasuna agerian utziz.

Topaketan Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Hezkuntza Kontseiluen marko juridikoa aurkeztu zen, baita Leioako etorkizuneko Udal Hezkuntza Kontseiluaren araudiaren zirriborroa ere, parte-hartzaileen ekarpenak jasotzeko eta kontrastatzeko helburuarekin.

Saioaren unerik aberasgarrienetako bat dinamika parte-hartzailea izan zen. Bertan, eragileek elkarrekin hausnartu zuten Kontseiluak izan beharko lukeen funtzioen inguruan, nortzuk osatu beharko luketen eta nola antolatu beharko litzatekeen udalerriarentzat benetan baliagarria izango den espazioa bihurtzeko.

Topaketan partekatu ziren ideiak, proposamenak eta kezkak baliagarriak izango dira araudiaren zirriborroa aberasteko eta benetan hezkuntza ardura partekatua sustatu nahi duen udalerri eredu baterantz aurrera egiten jarraitzeko. Prozesu honek beste urrats bat suposatzen du Leioa eraikitzeko bidean, non erakundeek, elkarteek, hezkuntza-zentroek, familiek eta herritarrek heztea guztion ardura dela ulertzen duten eta hezkuntza prozesuan modu aktiboan parte hartzen duten, bakoitzak bere eremutik udalerriko garapen hezitzaile eta komunitarioari ekarpena eginez.