Albisteak

Durangoko Udaleko Hezkuntza-Kontseilu berria abian da

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Durangoko Udalak, Udaleko Hezkuntza-Kontseilu berriaren ordenantza aurkeztu diote herriko hezkuntza-komunitateari. Uztailean hasierako onespena jaso ondoren, ordenantza urrian onartu da behin betiko, eta, horrekin, Durangok aurrera egin du tokiko hezkuntza-politikak elkarlanean eta parte-hartzean oinarrituta garatzeko bidean.

Aurkezpenean, prozesuaren ibilbidea azaldu da, Kontseiluaren funtzionamendua aurkeztu da eta haren abiarazteari begirako hurrengo urratsak zehaztu dira. Egitura berriak jarraipena emango dio azken urteotan Udal Eskola Kontseiluaren eta Hezkuntza Foroaren bidez egindako lanari, aurreko esperientzietatik jasotako ikaskuntzak baliatuz eta parte-hartzea eraginkorragoa izan dadin tresna berriak ezarriz.

Udaleko Hezkuntza-Kontseilua kide anitzeko organo aholkulari eta parte-hartzailea izango da. Ikastetxeetako, familien, udal talde politikoen eta kultura-, kirol-, aisialdi- eta elkartegintzako eragileen ordezkaritza bilduko du, baita hezkuntza-erakundeena ere. Helburua argia da: udalerriko hezkuntza-erronkak modu partekatuan lantzea, lehentasunak adostea eta komunitatearen arteko lankidetza egonkortzea.

Kontseiluak hezkuntza-proiektu komunitarioak sustatuko ditu, inklusioa eta aniztasunaren aitortza indartuko ditu, euskararen erabilera bultzatuko du eta hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko koordinazioa hobetzeko lan egingo du. Horrela, herriko hezkuntza-beharrei ikuspegi zabal eta bateratu batetik erantzuteko aukera emango du.

Kontseiluak, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako bi ordezkari eta 14 eta 18 urte bitarteko bi gazte izango ditu. Gainera, haur eta gazteen ekarpenak jasotzeko gune espezifikoak eta gai jakinak lantzeko lantaldeak sortzea aurreikusten du erregelamenduak. Neurri horiekin, haur eta gazteen ahotsa tokiko hezkuntza-erabakien inguruko gogoetan txertatu nahi da.

Egitura berriak Udal Eskola Kontseiluaren eta Hezkuntza Foroaren aurreko ibilbideak ere integratuko ditu, metatutako esperientziari eusteko, egituren arteko bikoiztasunak saihesteko eta baliabideak modu koordinatuan erabiltzeko.

Erregelamenduaren behin betiko onespenarekin, Durangok oinarri sendoagoak ezarri ditu hezkuntza modu partekatuan ulertu eta garatzeko.

 

 

https://tinyurl.com/yu9tk77c