UdalHez ikerketa proiektuaren baitan, eta Sopelako Udalarekin elkarlanean, azken hilabeteetan Sopelako haur eta nerabeen parte-hartzea, ahalduntzea eta udal politiketan duten presentzia indartzeko lanketa garatu da.
Komunitatea hezkuntza-eremu gisa ulertzen da, eta haur zein nerabeek udalerriko bizitzan duten esperientzia, iritzia eta parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dira herri hezitzaileagoak eraikitzeko. Ildo horretan, proiektuaren barruan egindako ibilbidean argi ikusi zen gazteen beharrak, ideiak eta proposamenak modu zuzenean entzuteko beharra zegoela Sopelan.
Horretarako, galdetegi bat zabaldu zitzaien Sopela BHI eta Ander Deuna Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiei. Guztira, 503 galdetegi jaso ziren, eta horrek aukera eman du Sopelako nerabeen eguneroko bizipenak, herriarekiko duten harremana eta identifikatzen dituzten erronkak sakonago ezagutzeko.
Gazteek egindako ekarpenek askotariko gaiak jarri dituzte mahai gainean. Alde batetik, Sopelako ingurune naturala eta herriak eskaintzen dituen aisialdi eta kirol aukerak baloratu dituzte. Bestetik, ordea, hainbat behar eta kezka ere adierazi dituzte: gazteentzako espazio propio gehiago izatea, estalitako topaguneak edukitzea, kirol instalazioak hobetzea, garraio publikoa indartzea edota herriko kultur eta aisialdi eskaintzan beraien interesak gehiago kontuan hartzea.
Ikerketaren ondorio esanguratsuenetako bat izan da gazte askok ez dutela euren burua entzunda sentitzen adierazi izana. Hain zuzen ere, parte-hartzaile askok azpimarratu dute herriko erabakietan beraien iritzia gutxitan hartzen dela kontuan, eta parte hartzeko kanal eta aukera gehiago eskatu dituzte. Zentzu horretan, gazte batzordeak sortzea, udal ordezkariekin harreman zuzenagoak izatea edo ikastetxeetan parte-hartze espazio egonkorrak sustatzea bezalako proposamenak azaldu dira.
Emaitza horiek ikusita, garrantzitsutzat jo da gazteei beraien ekarpenen itzulpena egitea. Horrela, martxoan eta apirilean zehar itzulketa saioak egin dira Kurtzioko kultur etxean, bi hezkuntza zentroetako ikasleekin batera. Saio horiek gidatu eta emaitzen itzulpena egiteaz Unai del Burgo arduratu da, une honetan jarduneko alkate gisa.
Saio horietan galdetegietatik ateratako emaitza nagusiak aurkeztu eta partekatu dira, gazteek egindako ekarpenek izan duten garrantzia azpimarratuz. Aldi berean, espazio horiek aukera eman dute gazteek euren iritziak berriro partekatzeko, hausnarketa kolektiboa egiteko eta udalerriko etorkizunari buruzko ikuspegiak elkarrekin lantzeko.
Itzulketa saio hauek bereziki garrantzitsuak izan dira parte-hartze prozesuaren ikuspegitik; izan ere, gazteei informazioa eskatzeaz gain, jasotako ekarpenak bueltatzea eta entzunak izan direla erakustea ezinbesteko pausoa da parte-hartze esanguratsua sustatzeko. Modu horretan, gazteek ikusi ahal izan dute beraien iritziek balioa dutela eta udalerriko hausnarketa eta erabaki prozesuetan lekua izan dezaketela.
UdalHez proiektuak Sopelan martxan dagoen prozesuari ekarpena egiten jarraitzen du, gazteen ahotsak entzun, aitortu eta udal politiketan txertatzeko bideak sustatuz.

